2022

Data: 
Larunbata, 2021, Urria 2
Herria: 
Ibarra
Ikastola: 
Uzturpe ikastola
"irribarra"

KILOMETROAK 2022

Herri txiki ez hain txikia da Ibarra, eta Ikastola horren ispilu da. Nahiz eta ia 500 ikasle izan, eskola txiki baten izaera hartzen du askotan. Honek, GERTUTASUNA ahalbideratzen du. Gertutasuna elkarlanean aritzeko, eta espazio horretan elkarzaintza sortzeko. Familia eta ikasleekin gertuko harremana sortzen da. 

Gertutasun horrek ahalbideratzen du AUZOLAN giroa. Bolondres lana egiten dute gurasoek, baita irakasle edo langileek ere. Batzordeetan funtzionatzeko ohitura du Ibarrako Uzturpe Ikastolak. Kooperatiba da, eta ez dute kanpoko enpresetako azpikontrataturik, denak langile direlarik, 73 orotara. Autonomia dute antolakuntza ikuspegitik, eta gurasoek hartzen dituzte erabaki garrantzitsuenak. 

Ikasleen ikuspegi kritikoa lantzeari garrantzia ematen diote. Honi jarraika, ikastolako irakaslegoak ere ikuspegi kritikoa presente du, bai gauzak egiteko moduan edota lantzeko garaian. Irakaslego gaztea dago lehen lerroan, ilusio handiarekin. Hala, azken urteotan, metodologia ikuspegitik ERALDAKETA garrantzitsuak burutu dituzte, BERRIKUNTZA erabat presente izanda. Gainera, irakasleen partetik atera zen behar hori, eta bide horretan, gurasoen babesa izan dute. Horretan garatzeko “asteburu pedagogikoak” ere egin izan dituzte, eta Kataluniara ere joan izan dira eredu berriak ikustera. Hala ere, nabari dute sartu berriak diren irakasle batzuk, agian ez dutela barneratuta Ikastola Kultura hori, lan bolondresa ere egitearena, eta lan baldintzetan jartzen dute arreta zenbaitek. 

Berrikuntza ikuspegi honetatik, BERTAKO JANTOKIA kudeatzeko berritzailea izan zen bere garaian, bertan sukaldean aritu eta inguruko produktuak hartzeko konpromezua hartu zutelako. Etxeko janaria bezala da, Elduaingo ikasle baten guraso bati erosten zaizkiolarik barazkiak, eta herriko harategietan erosi haragia. Orain “halal” haragia ere erosten dute, ikasle batzuen eskaerei erantzunez. Hala ere, kritika batzuk ere jasotzen dituzte: urtero berdina dela, esaterako. Ikuspegi berritzailea ere aplikagarria izan daiteke, Lekeition egiten dutena, adibidez: hilabetean behin, “munduko platerak”. Ia 160 ikaslek jaten dute bertan, baita hainbat irakaslek ere. 

Bertako jantokitik landu daiteke KULTURANIZTASUNA. Izan ere, Uzturpe ikastolaren ezaugarri garrantzitsua da berau. Ikasleen % 17a jatorri desberdinetako familietatik dator. Iaz, 17 hizkuntza zenbatu zituzten ikastolan. Ez da erraza dena kudeatzea, baina gustura egiten dute, profesionalki, nahiz eta hobetzeko aukera ere ikusten duten. Komunikazio ikuspegitik zailtasuna izaten dituzte, betiko bideek ez dutelako balio. Zuzeneko harremanarekin iristen direla sentitzen dute. Bestetik, ikastolaz gain, herriak berak ere landu beharreko gaia da. adibidez, Udalera etorri berri bat iristean, ez daude ziur ikastola eskaintzen zaionik lehen aukera edo bakar gisara. 

Kulturaniztasun hori ondo kudeatu eta gurasoekin harremana izatea lortzen dutenean, asebetetze handia lortzen da. Guraso batzuk behin beraien herriko istorio edo ipuinak kontatu zituzten. Polita izan zen ere, Gaztezulok antolatutako munduko sukaldeen dastaketa. 

Guraso batzuen aldetik ere, predisposizio bat egon daiteke gaia lantzeko. Ikastolan profil desberdinetako jendea dago. Detaile polita, eta esanguratsua era berean, nazionaletan ikasi zuten Ibarrako ikasle askok, batzuk euskaldunak direnak, baina besteak ez, gaur egun beraiek guraso direlarik, haien haurrak ikastolara eramatea. Gurasoak nahasten dira, ikasleei eskerrak.  Gainera, harro esatea, “nire haurrak euskaraz hitz egiten du”. Bere pisua badu fenomeno horrek, agian behin ere geratu ez garena aztertzeko. 

Kilometroak aukera polita izan da kulturaniztasunaren gaia herrian lantzeko eta komunitate bezala indartzeko. Gainera, Ibarrako Uzturpe ikastolak harro defendatu dezake bere ezaugarri hau. Askotan ikastolei egozten baitzaie ez dutela kulturaniztasuna lantzen. 

Potentzial handiko gaia da. POTENTZIALA ere handia dute Kilometroak eta ikastolak. Potentziala duten giza kapitalagatik. Ikuspegi autonomoa, kritikoa, ekintzailea, eraldatzailea, zoriontsua, ingurumena zaintzen duena… lantzen dute, eta polita izan da hau dena Kilometroaken ere azaleratzen saiatzea. 

Burutu genituen parte hartze ariketetan, DBH-ko ikasleek honela sentitzen zuten Uzturpe: Ikastolaren kokalekua asko baloratzen dute, naturan egotea, mendiz inguratuta eta paisaia horrekin. Ikastolarekin bat, irakaslegoari laudorioak botatzen dizkie: onak, gertutasuna, ondo zaintzea… eta kritiko izateko bultzada jasotzen dutela. Baloratzen dute jatorri desberdinetako jendea egotea eta kanpotik etorri den jendeari laguntzea. Zentzu horretan, talde giroa lantzen dela diote.

KILOMETROAK EGUNA

Ekimen berritzaileak burutu ditugu, eredu berrian sakontzeko balio izan dutenak,  eta baita bestelako festa eredu baten proposamena. Ildo honetatik, urte osoan burutu dugun dinamika Kilometroak egunera eraman izan nahi dugu. 

Euskal musikaren ibilbidea: ederra izan da, jendea asko mugitu da gunez- gune eta adin desberdinak gainera. Gakoa izan da giro jatorra eta atsegina lortzeko, eta musikari balioa eman eta estilo desberdinak lantzeko. Amaieran, Dupla jarri genuen. Emozio goraldia bilatu genuen, eta lortu genuen. Bestela, agian, soso geratu zitekeen eguna, baina amaiera bikaina eman zion Arabako bikote saltseroak. 

Gastronomia: aurten sekulako saltoa egon da gastronomia lanketan. Bertako produktuak defendatu ditugu, ikusgarritasuna eman eta balioan jarri. Parrila eta espektakulua bilatu ditugu. Bisitarien balorazioetan azpimarratu duten puntua izan da, eta gure ideiekin koherentea.

Sormena: urte osoan eta egunean bertan puntu bereizgarri eta ondo landua izan da. Kilometroak egunean eskultura erakusketa eta tailerrak egotea ez da ohikoa. Hitzaldiak ere antolatu genituen, ukitua eman zion Jakoba Errekondo eta Javi Riverorenak, espazio dekoratibo oso zainduan (lasto fardoak eta baratza), ondo funtzionatu zuten. Besteak, aldiz, kultur etxea eta beste lokal batean ziren, eta ia ezerezean geratu.

Bizienea, baso majikoa, bakarrizketa, bertso tailerra… ikuspegi berritzailea izan duten ekimen ausartak izan dira. Baita “pipar ibilbidearen” bisita gidatua eskaintzearena, kalitateari eta ikasteari balioa emanez. 

Herri giroa: jendeak pertenentzia sentsazioa izan du antolaketan, auzolanak harreman berriak sortzeko balio izan du herritarren artean. Herri giroan eta herrigintzan ondorena utziko du Kilometroak jaiak. Ikastolan, aldiz, denbora beharko du nekeari buelta eman eta egindako lan bikaina asimilatzeko. 

Etorkizuna: polita litzateke ere, dena ez ezereztatu eta bizitza arruntean jarraitzea. Ekimen ederrak egin dira, egutegi eta indar arazoengatik urtero errepikatu ezin direnak, baina bai bi edo lau urtez behin egitekoak. 

Euskal Herria, ikastola eta euskararen alde: Euskal Herria gure nortasunaren parte da teorian eta praktikan, ez beste asko bezala. Hor azpimarra jarri behar da eta etengabe landu eta aipatu. Bestela, zentzua ere galtzeko arriskua duelako ikastolen mugimenduak.

Esku programa: 
Bideoak: 
Bideoklipa
Infinitu Irribarra aurkezpena
Argazkiak: